XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- A eredua, OHOko Goiko Zikloa
- B eredua, OHOko Goiko Zikloa
- D eredua, Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. maila eta OHOko 5.a
- D eredua, OHOko Goiko Zikloa

Talde bakoitzeko irakasle eta ikasgelak multzo berekoekin arituko dira lehian.

5. - Sari-lehiaketaren lau alor horietarako epaimahai bakarra izendatuko du Pedagogi Berrikuntzarako zuzendariak.

Ondoko erakunde edo esparru hauetariko ordezkari bana izango du epaimahai honek:

- Euskaltzaindia
- EITB (Euskal Irrati-Telebista)
- OHOko hiru euskara-irakasle (irakasteredu bakoitzeko bana)
- Euskal deklamazio alorrean berariazko itzala duen jakitun bat.
- Euskara Zerbitzuko bi kide, hizpidez baina boturik gabe (hauetariko bat, epaimahaiaren idazkari)

6. - Epaimahaiak honako puntuok izango ditu kontuan:

a) ikasgelak dira aztergai, ez banakako ikasle hau edo hura.

Batezbestean ongien irakurtzen edota deklamatzen dakien ikasle-taldea sarituko da beraz;

b) euskara batuan zein literatur euskalki batean idatzitako testuak aukeratu ahal izango dira irakurgai (ikus 9. atalean ezinbesteko eta aukerako testuen zehaztasunak);

c) irakurmen- eta deklamazio-maila hoberen hori zein taldek duen neurtzeko, ondoko irizpideok izango dira gidari:

- testuari hobekien dagokion abiadan irakurri behar dute ikasleek, aho-hizketa jatorrean geldiunerik ez dagokion kasuetan hitz arteko separaziorik egin gabe;

- euskararen fonetika-legeak eta ebakera-arauak ahal den ongien errespetatu behar dira, erdal interferentziak ahal den neurrian ezabatuz.

Beraz, eta besteak beste, yeismoari aurre egingo zaio eta tz/ts/tx fonemen ebakera zuzena berariaz zainduko da;

- erdal doinuari eta batez ere haren eraginez azentuak azkenaurreko silaban jartzeko joerari itzuri egiten saiatu behar da;

- euskararen doinuera egokia, berdin du euskara batuan edo euskalkiren batean idatzitako testua irakurri, oso bereziki zaindu beharko da: aho-hizkuntzaren mintzamolde jatorra izango da patroi eta eredu (ez zen = etzen ...); beraz, euskal hiztun onen ohizko erabilerari egin behar zaio kasu;

- naturaltasuna eta, kasuan kasuko testuaren arabera, enfasi-indarra kontuan hartzekoak dira orobat.

Horretarako, ordea, galdera eta harridura doinu artifizialak saihestu egin behar dira.

7. - Lehiaketa honetan parte hartzeko izen-ematea irakasleak egin behar du, ikasgelaren izenean.

Horretarako, deialdi honen I. eraskin gisa agertzen den eredua baliatuz, behar bezala bete eta dagokion Hezkuntza Ordezkaritzako Euskara edo Informazio atalera edota Administrazio Jardupide Arrunteko 30/1992 Legearen atalean ezartzen den edozein administrazio-gunetara igorri behar da.